Taldekako solasaldien ondorioak

Topaketaren bigarren zatian hiru talde txikietan bildu gara, arduratzen gaituzten gaiei buruz modu zehatzago batez hitz egiteko.
ONDAREA
Lau ondorio nagusi jarri ziren mahai gainean:
1) Material guztiak katalogatuta edukitzea eta jasotzea oso garrantzitsua da.
2) Gauzek bere toki ‘naturalean’ egon behar dute, bere ‘sorlekuan’ alegia. Izan ere, hainbat gauza museoetara eramateko joera dago.
3) Ondarea hondatzeagatik jartzen diren salaketak bete egin behar dira. Ez dago garbi, ordea, nola betearazi.
4) Hezi eta erakutsi. Horiek izan behar dute bi ardatz nagusiak. Gaur egun zaharra den oro gutxiesteko joera dago. Horren aurrean, erakutsi behar da zertarako eta zergatik gorde behar dugu nork bere memoria.
HEDAPENA, KOMUNIKAZIOA ETA PARTE HARTZEA
Kohesio hitza aipatu da, bi zentzutan. Alde batetik, tokiko historiaren hedapenak lurralde baten barruan kohesioa dakar. Bestetik, kohesio horrek askoz urrunago iritsi behar du eta elkarte baten izaera zabaldu behar du.
DOKUMENTAZIOA
Utzitako materialarekin –bereziki argazkiekin- nola jokatu izaten da buruhauste handiena. Dena jaso behar ote den, argazki batean ageri diren pertsona guztien izen-abizenak jaso edo bilatu behar ote diren, unean unekoa historikotzat har daitekeen ala ez… Eta horrekin guztiarekin batera, jabetza intelektualak eragindako buruhausteak. Zer eskubide mota dute argazkietan ageri diren pertsonek? Nola jokatu adingabeen kasuan?...