Tokiko historiaren ajeak eta heldulekuak

Tokiko Historia Gipuzkoan topaketaren eguna dugu Altzako Casares-Tomasene kultur etxean. Parte hartzaileek bere lanari buruzko zertzelada batzuk eman dituzte. Teknologia, gazteak nola erakarri, nostalgia hutsean erortzeari uko egin beharra... Hona hemen partaideek ahotan izan dituzten hizketagai batzuk.



Deba Kultur Elkarteko Javi Castrok azpimarratu du teknologia berriekin zuhur jokatu behar dela, izan ere, teknologiak elkarte jakin bat ezagunago bilaka dezake, baina lortu behar dena, bere ustez, jendea elkartera hurbiltzea da. Alegia, teknologia berriek ez dutela ziurtatzen elkarteak jendetsuagoak izatea edo babes handiagoa izatea.

Hari horretatik tiraka, Altzako Historia Mintegiko kide Iñigo Landak orekarekin jokatzen dutela azaldu du. Hala, jendea erakartzen duten ekitaldiak egiten dituzte, argazki erakusketak, argitalpenen aurkezpenak eta kontzertuak, adibidez. Baina teknologia berrietan ere muturra sartu dute, eta konturatu dira sare sozialen bitartez 'lagun' edo 'jarraitzaile' berriak erakarri dituztela.

Añorgako Gorga eta Antxotarrok historia mintegietako taldeko kideek beren lanean argazkiek duten pisua nabarmendu dute. Antxotarrok taldekoek baina, argitu nahi izan dute argazkiak garrantzitsuak badira ere, beste euskarri batzuei ere kasu egiten dietela, egunkariei esate baterako. Herrian hainbat lantegi handi -Luzuriaga, Campsa...- desagertzeko zorian zeudela ikusirik lanean hasi ziren Antxotarrok taldekoak.

"Iraganaren berri eman behar dugu non gauden eta nora goazen jakiteko; ez, ordea, negar egiteko". Hau da izan da Pasaiako Albaola elkarteko Mikel Leozen gogoetetako bat. Horren harira, beste garai bateko itsasontziekin lanean ari badira ere, haiei beste erabilpen bat ematen diete. Iragana bai, baina orainari eta etorkizunari begira.

Xabier Cabezonek bere lanaren berri eman du. Leitzarani buruzko artikuluak eta fitxak egiten ditu "errespetatu eta kontserba dezaten". Cabezonek esan duenez, hainbatek ondarea erakusteko beldurra du, baina bere iritziz, bide zuzena ondarea erakustea da. Burdina Andoaingo taldearen aurkezpena ere egin du -taldeko ordezkaririk ezin izan da etorri, baina bera taldeko laguntzailea da- eta iragarri du Burdina Taldea erakundeekin hartu-emanetan dabilela parke tematiko modukoa antzekoa egin ahal izateko, jendeak lehen eskutik ezagut dezan bailaran egiten zena.

Elkarlana eta aniztasuna: Horiek dira Pasai Donibaneko Bixi-Bixi elkartearen ardatzak, Jon Piñeirok eta Haizea Legorburuk adierazi dutenez. Joare talde bat eratu dute, bertsogintza ere lantzen dute, elkarte gastronomikoa ere badute, Euskal Jaia antolatzen dute urtero...

Fato Cultural Galegoko Felipe Dominguezek, bere aldetik, beren historia berreskuratu nahi dutela esan du. Urteen poderioz galdutako edo lausotutako ohiturak edo ekitaldiak berriz ere lehen mailara ekartzea. Horren ildotik, Magosto -gaztainerre herrikoia- antolatzen dute udazkenean edota Txirikila (billarda galizieraz) txapelketa. Galego-euskara hiztegia ere kaleratu dute.

Erreleboa nola lortu. Hori izan da atera den gaietako bat. Nola erakarri jende gaztea tokiko historia lantzen duten taldeetara? "Eskaintza bereiztu beharra dago. Zerbaitek arrakasta izango badu, zu horrekin identifikatzen zarelako izango da. Gazteengana iristeko haiek erabiltzen dituzten tresnak erabili behar dituzu zuk ere", aipatu du Juan Carlos Mora Altzako Tokiko Bildumako kideak. Gorgako kideek aitortu dute beharbada 'kontu zaharrak' ez direla erakargarriak gazteentzat, baina helduagoak direnean izango dute euren inguruko historia ezagutzeko gogoa. Naturaltasunez jorratzeko gaia dela, alegia. Edozein modutan, ontzat jo dute herriko eskola edo ikastolarekin elkarlanean aritzea, 'harrobia' lantzeko.