Topaketaren ondorio orokorrak

Bukatzeko topaketak eman duenaren balorazio orokorra egitea eskatu zaie partaideei.
    Iñigo Landa (AHM): “Harreman pertsonala sortu dugu eta oso aberasgarria izan da. Auzolanaren gaia interesatzen zaigu”.
    Mikel Leoz (Albaola): “Eskertzekoa izan da iniziatiba; aurrerantzean ekimen bat buruan dugunean badakigu beste elkarte batzuetara jo dezakegula. Izan ere, elkarte bakoitzak gauza batzuk oso ondo egiten ditu eta beste batzuk oso gaizki. Auzolanari balioa eman behar zaio; ohitura hori galdu dugu, beste herrialde batzuetan askoz garrantzi handiagoa ematen diote elkarte bateko kide izateari”.

Jon Piñeiro eta Haizea Legorburu (Bixi-bixi) “Lehen harria jartzearen parekoa izan da topaketa, eta hainbat elkarte ezagutu ditugu, badugu beraien berri geroan landu daitezkeen proiektuei begira. Gizartean gaude eta bakoitza ezin da bere elkartera mugatu”.

Jabi Zubizarreta (Antxotarrok) "Bazirudien bakarrik geundela munduan, baina ez; badakigu badaudela ‘bixkiak’ diren batzuk. Besteen beharra dugu eta besteek ere gure beharra dute”.
    Javi Castro eta Lourdes (Deba Kultur Taldea) Hedapena oso garrantzitsua da une honetan. Jendeak gure ekimenetan parte hartzea kosta egiten zaigu, jendearekin harremanean nola jarri, horretan asmatzea da gakoa. AHM zoriondu eta beste elkarteei 25 urte betetzeko bidean tinko eusteko animatu nahi ditugu.
    Felipe Dominguez (Fato Cultural Galego) “Guztion batura nabarmenduko genuke guk. Ez da talde solte bat; talde batzuk egon badaude. Nork bere ondarearen zati bat galtzen duen bakoitzean denok galtzen dugu zerbait”
    Aitor Basurto (Gorga Añorgako Historia Mintegia) eta Xavier Cabezon (Leizaran): “Denoi eskerrak ematea baino ez zaigu geratzen”.
    Lekukoa hartzearen gaia ere aipatu zen, ‘relevo generacional’ alegia. Oro har, hauxe da giltzarrea: elkarteak ezin dira jendearen zain geratu; jendearengana joan beharra dago; jendea ekintzetan parte hartzera etor dadin lan egin behar da.